KOKALEKUA ETA TOPOGRAFIA
Dulantzi hiribildua Arabako Lautadan dago, Gasteiztik Nafarroara eta Gipuzkoara doan bide naturalean.
Fundaziogunea Dulantzi ibaiaren ezkerreko mazelan dago, muino baten iparraldeko mazelan. Handik hiru bide garrantzitsu ikus daitezke: Arabako Mendialdea zeharkatuz Errioxara doana, San Adrian mendatera doana eta, azkenik, Ganboa zeharkatuz Bizkaira eta Gipuzkoara doana.

    BILAKAERA HISTORIKOA ETA HIRI EGITURA

HISTORIA
 
Europan Berant Erdi Aroan izandako prozesu orokorraren testuinguruan sortu zen Dulantzi hiribildua. Prozesu horri esker, XII. eta XIV. mendeen artean, 69 hirigune sortu ziren Euskal Herrian.
Alegria de Dulançiri Alfontso XI.ak eman zion fundazioko hiri gutuna 1337ko urriaren 20an, inguruko sei herrixkek eskatuta. Gutun horren xedea zen herrixkak jaunen nagusikerirengandik babestea eta eskualde horretako nekazaritzako soberakinak asteko azoka baten bidez bideratzea. Herrixka hauetako biztanleak Dulançiko herrixka zegoen lekuan eraikitako hiribildu berrian elkartu ziren; horrela, inguruko herrixkak, Egileta izan ezik, jendez hustu ziren.
Lurraldea oso segurua ez zenez, hiribildua harresitu egin zuten, eta gainera, barnean gotorleku bat eraiki zuten. Gotorlekua zela kausa, liskarrak sortu ziren haren jabe zen jaunaren eta hiribilduko biztanleen artean.
1443an, Arabako Ermandadeen (Lazkanotarrak eta Dulantziko jaunak zituen alde) eta Aiala kondearen arteko gerran (garai hartan Aguraingo jauna), Aiarako kondearen tropek, Ermandadeen tropak garaitu ostean, hiribildua erre zuten, garaitutako tropak babes ez zitzan.
XV. mendearen amaieran, hiribilduko jaun Juan Lopez de Lazkanok harresi zati bat eraisteko agindu zuen, hiribilduarekin batera erre eta eraitsi zuten gotorlekua berreraikitzeko asmoz.
1501ean, Koroak erosi zuen dorrea. Ordutik aurrera, erregeek izendatu zituzten dorreko alkaideak; dorrea zutik mantendu zen, gutxienez, XVIII. mendearen amaiera arte.

EGITURA, ETA HIRI GARAPENA  
Dulantziko hirigunearen egitura mazela batean dagoen hiribildu batek izan ohi duena da: puntu gorenean, babes nagusia; bi kale nagusiak, Kale Nagusia eta Gotorleku kalea, tontorraren eta beste zeharkako kale batzuen (gotorlekutik ibaira —hiribilduaren lubaki naturalera—, edota gotorlekuaren eta Kale Nagusiaren artean) nibel kurbei jarraitzen dietela.
Hiribilduaren iparraldeko hiru ateetara ematen duten hiru zubik zeharkatzen dute Dulantzi ibaia:
 lehenengoa sartaldean dago; Dulantzi auzoa eta Euskal Herria kalea lotzen zituen, ziurrenik harresiz kanpo, eta Kale Nagusiaren muturrean harresi barruko esparrura sartzeko atearekin.
  bigarrena Ahuntzen aldapara zihoan, hots, elizara, plazara eta dorre?gotorlekura doan aldapara.
  hirugarrenak Errebal kalearen parean zeharkatzen du Dulantzi ibaia; hiribilduaren antzinako atea Kale Nagusiaren muturrean zegoen, San Blas kalea harresi barruan eta Errebal kalea harresiz kanpo geratzen zirela. Ate horrek 1884. urtea arte iraun zuen.
Baliteke hegoaldean, gotorlekuaren ondoan, Egiletatik zetorren bidetik hiribildura sartzeko laugarren ate bat egon izana.
Espazio publikoen egitura bost kale nagusirekin (Kale Nagusia eta Ibaiondo, Gotorleku, Euskal Herria eta Errebal kaleak), bai eta bi kantoirekin (Gotorlekuaren eta Ahuntzen aldapak) antolatzen zen.
Kale Nagusia, dokumentu batzuetan Errege kalea izenarekin azaltzen dena, Gasteiztik Aguraina zihoan bidean zegoen. Hiribilduko kale nagusia izan zen, biztanle gehien zituena eta, urte askoan, kale izaera zuen bakarra.
Orokorrean, Erdi Aroko trazatu hiritarra mantentzen da, harresiak eta gotorlekua guztiz desagertu diren arren.

ERAIKIN MOTAK  
1443an hiribilduan izan zen sutea dela kausa, ez da gorde Erdi Aroko arkitekturaren adibiderik. Partzelazio gotikoa baino ez da gorde, gutxi gorabehera fatxadan sei metro eta sakoneran hamasei metro zituzten orubeak definitzen zituena.
Aitzitik, ugariak dira XVI. mendeko eraikinak, garai hartan hiribilduak izan zuen oparotasunaren adierazle. Eraikin horien artean daude dobelak zituzten erdi puntuko portadak, eta bi etxe armarridun.

     APARTEKO ELEMENTUAK
 

Gotorlekua (Torrealdea), jadanik desagertu dena, hiribilduaren puntu gorenean zegoen. Harresiz inguraturik zegoen; harresiak ingurabideko pasealeku bat zuen, bai eta lau kubo biribil izkinetan. Halaber, 1592an Filipe II.ak jaso zuen txosten batek zioenaren arabera, sarrerako zubi batekiko lubaki batek inguratzen zuen gotorlekua.
1443an, Aguraingo jaunaren tropek gotorlekua setiatu eta suntsitu zuten. Gero, Juan Lopez de Lazkano jaunak harresitik hartutako harria erabiliz, gotorlekua berreraiki zuen.
1501ean erregearen jabetzapera pasa zen. Ziurrenik, ordutik aurrera utziko zuten bertan behera gotorlekua, eta hondatzen hasi zen. XVII. mendearen hasieran jada, gotorlekua ez zegoen bertan bizitzeko moduan, eta 1770. urte aldera guztiz suntsiturik zegoen.
1783an gotorlekua eraistea onartu zen, eta hura osatzen zuten materialak udaletxea eraikitzeko erabili ziren.
Harresiari buruzko datu gutxi geratzen da, eta hondarrik, bat ere ez. XV. mendearen amaiera aldera, eraitsi egin zuten, Lazkanotarren gotorlekua berreraikitzeko.
San Blas elizak, hegoaldeko alboaren kanpoaldean, Erdi Aroko eraikuntza baten hondarrak kontserbatzen ditu. Elizaren gainean egitura gotiko beranta eraiki zen XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen garai luze batean. XV. mendearen amaieran, dorrea eraitsi zuten eta haren harria erabili zuten 1443an suntsitutako gotorlekua berreraikitzeko.
San Blas elizako erretaula nagusia Jose de Angulok egin zuen, XVII. mendearen lehenengo erdian.
Nabarmentzekoa da dorre neoklasikoa, Juan Agustin de Etxebarriak 1792az geroztik egin zuena. Arkitekto berak egin zuen elizako atari arkuduna.
Udaletxeak hiribilduaren plaza ixten du iparraldetik. Eraikin hori 1788koa da. Hiribilduaren armarria du fatxadan, eta hiru arkuko ataria; balkoi korritua eta lau isuriko estalkia dauzka.
Hiru eraikin horiek Herriko Plazaren inguruan daude, hiribilduaren goiko muturrean. Dulantziko egitura hiritarra definitzen duen azken elementua Dulantzi ibaia da. Ibaia antzinako harresiaren iparraldeko albotik doa, hiribilduarentzako lubaki natural gisa.

 itzuli  gora