Gesaltza Añana forua jaso zuen lehendabiziko hiribildu arabarra izan zen. Gaztelako erregeak, Alfontso VII.ak, eman zion forua 1140ko urtarrilaren 12an, era horretan, Alfontso I.a Borrokalariak, 1126an, Gesaltza populatu zuenean emandako foruak baieztatuz.
Hala ere, herriaren jatorria, betiere gatzagen ustiapenei lotuta, askoz lehenagokoa da. Burdin Aroko erreferentzia arkeologikoez gain eta "Salionica"k (Ptolomeo historialariak autrigoien herrialdean kokatzen zuena, II. mendean) egungo Gesaltza Añanarekin izan zezakeen erlazioaz gain, hainbat dokumentutan aipatzen da Gesaltzako gatz ustiapenen jarduera 822. urtetik. Era berean, 865ean, Gesaltza Añanako gotorlekua aipatzen da, oraingoan arabiarrek egindako eraso batek suntsitu zuelako. Hiribilduaren Erdi Aroko trazatuak, gatz ustiapenen defentsa eta zainketa beharretan izan zuen jatorria. Trazatua mendixkaren profilari egokitzen da, izan ere, mendixkaren goi aldean zeuden gotorlekua eta antzinako gunea. Hiribildua, profil bihurtua duten bi kale nagusik egituratzen dute, aldaparen norabideari jarraitzen dioten kale kantoiez lotuta.

Behar defentsiboek harresiaren eraikuntza eragin zuten. Harresiaren gaineko hainbat dokumentu badugu ere, aztarna batzuk baino ez dira geratzen.

Hiri bilbea egituratzen duten beste elementu batzuk hauek dira: San Kristobalgo eliza-gotorlekua, Independentzia Gerraren ostean desegin zutena, eta azoka plaza, harresiz kanpo dagoen bilgunea.

Hiribilduaren hazkundea, Erdi Aroaren amaieran izandako bake aldiarengatik eta harresiaren barnean zegoen leku faltarengatik gertatu zena, hego ekialdean eman zen, hura baita leku babestuena eta malda gutxienekoa.

Garai barrokoan, harresiz kanpoko eremu bat egituratu zen hainbat gune urbano eta jauretxerekin.

Hirigune historikoko etxeko arkitektura, funtsean, Erdi Arokoa da; hiru, lau eta bost solairuko eraikuntzek, harlangaitzezko fatxadak dituzte beheko solairuan, eta besteetan ordea, zurezko bilbadura adreilu eta pezoarekin. Ohikoa da goiko solairuetan egitura zuzeneko eta fatxada osoa hartzen duten eguterak izatea.

Eraikuntza barrokoen artean aipagarrienak, Ozpinatarren eta Zanbrana-Herrandarren jauretxeak ditugu.

 itzuli