KOKALEKUA ETA TOPOGRAFIA
Salinillas de Buradon hiribildua Toloño mendilerroaren mendebaldean dago; Ebro ibaiak mendilerroa zeharkatzen duen puntuaren ondoan, hain zuzen ere. Puntu horrek Conchas de Haro izena du.
Haren komunikabide nagusia A-124 errepidea ("Arabako Errioxako bidea") da, Armiñonen N-I errepidearekin gurutzatzen den puntutik Logroñoraino. Bilbo eta Zaragoza lotzen dituen A-68 autobiderako sarbidea ere hurbil du.
Hurbil dauden hiriguneen artean, hurrengoak ditugu aipagarri: Bastida, udalerriaren hiriburua; Haro; Miranda de Ebro; eta Guardia, Kuadrillako hiriburua.
Salinillas de Buradon lur lauan dago, Toloño mendilerroaren eta Obarenes mendien artean, Ebro ibaiaren ondoan. Mesetatik Arabako Lautadara igarotzeko sarbide naturaletatiko bat da Salinillas. Aurrerago azalduko dugun bezala, kokalekua erabakigarria izan zen Salinillas sortzeko, bai eta harresitua izateko ere.

    BILAKAERA HISTORIKOA ETA HIRI EGITURA

HISTORIA
 
VIII. eta IX. mendeetan, Buradon leku estrategikoa izan zen musulmanen eta Asturiasko Erreinuaren arteko gerran. Garai hartan, Gaztela eta Araba erreinu horren baitakoak ziren. 756 eta 923 urteen bitartean, Mesetaren eta Lautadaren arteko hiru pasabide naturaletatik eraso zuten musulmanek, hala nola:
  Conchas de Haro, Buradongo eta Bilibioko gotorlekuekin.
   Pancorboko mehargunea.
   Hoz de Morcuera, Cellorigoko gotorlekuak babestua.
Antso IV.a Gaztelako erregeak, kokalekua gaur egun dagoen lekura aldatu zuen, eta Fundazio Gutuna eman zion 1264an. Harresia eraikitzeko baimena ere eman zien herritarrei. 1289an, Antso IV.aren beste dokumentu batek hainbat pribilegio eman zion Nafarroako Erreinuaren mugan zegoen hiribildu horri, biztanleak erakartzeko asmoz.
Denbora gutxiz izan zen errege herri. Izan ere, XIV. mendearen erdi aldera jadanik Aialatarren jaurerri zen. Gero, Gebaratarren jabetza izan zen, 1837an Arabako legeetara pasa zuten arte. Sarmientotarren, Aialatarren eta Gebaratarren dorrea eta jauregia dira jaunen garai hartako hondarrak. Erdi Aroko dorre hori handitu egin zuten XVI. mendean, eta hori izan zen, hain zuzen, mende horietan Salinillasen egindako eraberritze nabarmen bakarra. Ziurrenik, alboko eraikuntzak behera botata egingo zuten dorre eraberrituarentzako tokia.
Hiribildua izendatzen duten gatzagen ustiaketa hiribildua sortu baino lehen hasi zen. 1264ko dokumentuan aipatzen da jadanik gatz salmenta; ziurrenik, Alfontso VIII.aren garaietatik saltzen zen gatza. XIX. mendearen hasieran bertan behera utzi zituzten gatzagak; hala ere, gatz putzua oraindik ere ustiatzen dute.

HIRI GARAPENA  
Gutxi dira hiribilduaren egituraren, tamainaren, lur sailkatzearen eta espazio publikoen banaketaren historiari buruzko datuak.
Harresia eraikitzeko agindua baino ez dugu ezagutzen, 1264ko Gutunean jasotakoa. Harresi hori, aldaketa ugari izan baditu ere, oraindik gordetzen da.
Badirudi harresiaren barneko espazioaren gaur egungo banaketa eta Erdi Arokoa berdintsuak direla. Hala ere, pentsatzekoa da mendeetan zehar aldaketak izan direla. Orain idazketa fasean dagoen azterketa arkeologikoak argituko du harresiaren trazatua Erdi Aroaz geroztik aldatu edo mantendu egin den.

 
ERAIKIN MOTAK  
Salinillasko hirigunea oso homogeneoa da, eta hiru elementu bereizi baino ez ditu, hots, harresia, jauregia eta eliza.
Eraikin mota bereizgarriena Erdi Aroko herri etxea da. Etxe horiek plano horizontal batean eraikitzen ziren, ataripe edota pasabide estali batekin; zurezko armazoi batek eratzen zuen egitura, adreiluz edo pezoz itxia.
Eraikin mota horretaz gain, XVII. eta XVIII. mendeko etxe armarridun ugari dago.

     ELEMENTU EGITURATZAILEAK
 

Harresia.
Antso IV.a Gaztelako erregeak 1264an agindu zuen harresia eraikitzea. Harresi hori bi harri motez eginda dago: La Loberako hareharriz eta La Calabrozako kareharriz. Bi harrobi horiek Salinillas inguruan daude.
Harresiaren oinplanoak trazatu irregularra du, eta aurretiko bista jarraitua eta argia, aurrealde ia garbiarekin. Harresia eraikitzeko, lurraren orografiaz baliatu ziren, hots, iparraldean eta mendebaldean Pozo del Hortelanoko trokarteaz, eta, ekialdean, Pilagar errekaz.
Ipar-ekialdeko eta hego-ekialdeko sarbideak gordetzen dira. Dorre banak babesten ditu sarbide horiek. Gainerako dorreak baino altuxeagoak dira. Ziurrenik, beste bi sarbide izango ziren; bata hego-ekialdean, gatzagen aurrean; eta bestea ipar-ekialdean, agian gotorlekuaren zati izango zen.
Harresia, mendeak igaro ahala, hondatuz joan da etengabe. Alde batetik, eraikuntzarako esku-hartzeak egin dira, harresiaren izaera bateratua hutsaldu dutenak; bestetik, etengabe eraso diote harresiari. Harresiko harria eraikinak egin eta konpontzeko erabili izan da XVI. mendetik hona.
Harresiaren egoera, zatika azterturik, honako hau da:

Ekialdeko zatia.
Harresia XVII. mendean erantsitako eraikin batek eteten du. Eraikin horrek ageriko zurezko egitura interesgarria dauka, baina etengabeko esku-hartzeek asko hondatu dute.
Eraikin horretatik iparraldeko arkuraino, harresia ia exentua da, etenik gabekoa. Zati hori da hobekien gorde dena, bai trazatua bai fabrika 4 metroko garaiera arte osorik daudela.

Iparraldeko zatia.
Hormatal honen muturretan harresi hondarrak gorde dira; erdialdean, aldiz, ez. Erdialdean oinarriak ere desagertu dira eta, beraz, ez dakigu harresiaren trazatua nolakoa zen. Azterketa arkeologikoak argi dezake trazatua.
Zati horren lehen herena, lehenengo zatiaren jarraipena, nahiko egoera onean gorde da.

Mendebaldeko zatia.
Zati honen lehen herenean, harresia hainbat eraikini erantsita dago, eta nahiko egoera onean gorde da. Harresiaren harri motak bereizten dira, bai eta erabilitako tresnak ere. Zati honetan, harresiaren garaiera 9 metro ingurukoa da.
Ondorengo zatia Oñatiko konde eta kondesen jauregiari dagokio. Guztiz exentua da, eta leku batzuetan, desagertu egin da. Hegoaldeko arkuaren aldameneko zatian azaltzen da berriz, etxebizitzak erantsita dituela.

Hegoaldeko zatia. Hegoaldeko zatia.
Arkutik aurrera, zati batean, hainbat etxola dago harresiaren kanpoko aldean erantsirik. Jarraian, zulo bat dago. Izkinaren ondoan, harresia desagertu egiten da berriz.
Harresiaren hormatalak Kultura Ondasun izendatu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Hori dela eta, 7/90 Legea aplikatzen zaie.

Sarmientotarren, Aialatarren eta Gebaratarren dorrea
Micaela Portillaren arabera, dorrea XIV. mendearen bigarren erdian eraiki zen. Dorrea kokaleku estrategikoan dago, bertatik iparralderantz Cabrerako gainak eta hegoalderantz Conchas de Haro gainak ikusten baitziren.
Dorreak oinplano angeluzuzena dauka eta eraiki zen garaiko arkitektura elementu bereizgarri batzuk kontserbatzen ditu, hala nola, gezileihoak, horma zuloak, modilloiak eta arku zorrotzeko baoak.

Oñatiko konde eta kondesen jauregia
Eraikin errenazentista da, XVI. mendekoa, Erdi Aroko dorrearen inguruan eraikia. Oinplano erregular eta karratua dauka; fatxaden osaera guztiz erregularra da, euskarri planoa definitzen eta erregularizatzen duen zokaloarekin; bi solairuek gainaldean frisoa eta erlaitza daukate. Sarrera nagusiaren gainean bao handi bat dago, eta horren gainean, orpoen gaineko frontoi okerra.
Bai dorrea bai jauregia erortzear daude. Eraikinen fatxadak besterik ez dira gorde; eta landaretza fabrikak hondatzen ari zaizkie. Guztiz suntsitu ez daitezen, irtenbide bakarra da eraikin biak zaharberritu eta erabiltzea.

Sortzez Garbiaren eliza
Sortzez Garbiaren elizaren sarrerako atariaren gainean lokal batzuk eraiki ziren. Gehigarri horrek plazara ematen duen elizaren fatxada desitxuratzen du.


 itzuli  gora