KOKALEKUA ETA TOPOGRAFIA

Aguraingo hirigune historikoa leku estrategikoan dago, muino baten gainean. Ekialdeko Gaztelaren eta Euskal Herriko mendateen arteko bidegurutzea da muino hori, eta bigarren plano batean, Ebro ibaiaren haranaren eta kostaldearen artekoa.
Aguraindik Arabako Lautadaren ekialdeko zatia ikusten da, Urkillako, Iturrietako eta Entziako mendilerroen artean. Hirigunea antzinako N-I errepideak zatitzen du. Hori dela kausa, errazago atzematen da fundazio hiribilduaren trazatua.

    BILAKAERA HISTORIKOA ETA HIRI EGITURA

HISTORIA
 
Agurain Antso Jakitunak sortu zuen 1181ean. Hori baino lehen, Hagurahim izeneko herrixka bat egon zen, Alba izeneko beste herrixka erromatar baten gainean eraikia. Gaztelako Koroak bereganatu zuen, eta Antso X.a Jakitunak Aguraini Gasteizek zuen foru bera eman zion.
1371tik aurrera, Henrike II.aren erregealdiaren garaian, Agurain Gaztelan geratu zen behin betiko. 1382an, Joan II.ak hiribildua Aialatarrei eman zien, konderri izaerarekin. 1521ean, Karlos I.ak Koroan sartu zuen lurraldea, eta pribilegioak eman zizkion Komunitateen Gerran fidelak izateagatik. Izurriak jo zuen lehenengo Agurain, eta gero, 1564an, sute batek ia guztiz suntsitu zuen hiribildua. Horregatik, Filipe II.ak 15 urtez salbuetsi zuen Agurain zergetatik, hiribildua berregin ahal izateko.
XIX. (1808) mendean frantsesek okupatu zuten Agurain, eta bi karlistadak (1835ean eta 1872an) ere jasan zituen. Horien ondoren, beste berregitealdi bat hasi zen. 1564an biztanle kopurua murrizten hasi zen berriz, baina 1583 eta 1683 urteen bitartean izan zuen Aguraingo biztanleriak beherakada handiena. Hiribilduko biztanleak nekazariak ziren nagusiki XX. mendeko 70.eko hamarkada arte. Gizarte horren etekinaren oinarria lurrak ziren. Artisau eta merkatari bakar batzuk zeuden (judutegiak). Gizarte taldeak argi eta garbi bereizten ziren: aberatsak, kapareak eta nekazariak. 1960. urtetik aurrera, industrializazioarekin batera, biztanleak harresitik kanpora ateratzen hasi ziren. Agurain jendez husten hasi zen. Halaber, hiribildua etengabe hondatzen hasi zen, eraikin batzuk eraitsi baitziren eta bateragarriak ez ziren eraikinak egiten hasi baitziren.

HIRI GARAPENA  
Hirigintzaren aldetik, Agurainek hiri-bide izaera du. Alde batetik, lurraldeari egokitzen zaio; bestetik, oso azkar eraiki zen beharrizan zehatzak zirela medio (defentsa militarra) eta, beraz, aldez aurretiko plangintzaren arabera. Luzetarako hiru kale ditu, erdikoa zabalagoa dela. Berebat, horiek komunikatzen dituzten zeharkako kantoiak ditu. Hiribildu osoa harresiz inguraturik zegoen, mutur bakoitzean eliza?gotorleku banarekin. Harresiek zazpi ate zituzten: bi ate nagusi hiribilduaren iparraldeko eta hegoaldeko muturretan, eta beste bost ate ekialdeko eta mendebaldeko alboetan.

 
ERAIKIN MOTAK  
Etxebizitzak hiriarekin batera eraiki ziren, denborarekin eraldatu egin ziren, eta 1564ko suteak guztiak suntsitu zituen. Eraikinak bi motatakoak dira: etxeak eta jauregiak.
Gaztelaren eragineko ataripeak daude, azokarako erabiltzen zirenak. XVI. mendearen amaierakoak dira San Joan eta Santa Maria ataripeok.

     ELEMENTU EGITURATZAILEAK
 

Hirigune historikoko elementu egituratzaileak hurrengoak dira: harresia, hiribilduaren luzera definitzen duena; San Joan eta Santa Maria elizak, defentsarako bastioi gisa erabiltzen zirenak, eta San Martin eliza; eta kaleen, kantoien eta harresien barneko toki irekien lerrokatzeak.

 
 itzuli  gora